viernes, 24 de marzo de 2023

BELARTZA ETA ARAU IRUZURRAK

HARITZALDE NATURZALEEN ELKARTEAK 2023KO OTSAILAREN 23AB BIDALITAKO OHARRA


 BELARTZA ETA ARAU IRUZURRAK


Belartzako poligonoak eta Belartza Goikoan (Belartza 2) proiektaturikoak Donostiako Udal Gobernuak, ezagutu ez ezik, babesten dituen ilegaltasun ugari metatzen dituzte

Hirigintza-plangintzak, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) bidez, lurzoruaren sailkapenak eta erabilerak zehazten ditu, eta horiek, aldi berean, lurralde-antolaketak ezarritako gidalerroen eta interes orokorraren araberakoak izan behar dute. Inoiz ez litzateke gainditu behar hirigintza interes pribatuetara makurtzera daraman marra gorria, bestela “nahierara egindako hirigintza” izango baikenuke, ustelkeriari, lagunen arteko jokuari edota administrazioaren gaineko eragin/botere-taldeei bide emango bailitzaieke.

Hala ere, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak 2018ko apirilaren 24an aurkeztutako alegazioak gorabehera (honekin batera atxikita doaz), beste behin ere harrituta bezain haserre ikusten dugu Udal Gobernuak sustatzaile batzuekiko duen permisibitatea, iruzur bidez hirigintza-araua urratzea ahalbidetzen baitie.

Une honetan, Belartzako Mercadona supermerkatuaren gainean dauden bi pabilioi handi bereizietan jarduera gauzatze-fasean sartuta dago. Donostiako HAPOren arabera, AÑ.13.2 BELARTZA CANTERA kalifikazio industrialeko partzela da (B.10.1 PARTZELA), eta, beraz, erabilera nagusia, % 60 gutxienez, industriala izan behar luke. 2016an, hainbat irregulartasun tarteko, orubea okupatzen zuen harrobi zaharra hustu zuten eta, metro gutxira, legez kanpoko harrien makroisurketa burutu zuten Belartza Goikoan, babestutako habitat baten 4 hektarea suntsituz. Lursaila urbanizatu zen, eta bi jarduera tertziario eraiki ziren (Mercadona eta McDonald's), Belartza Canteran erabilera horrekin zegokien azalera guztia kontsumitzen zutenak (% 40). Supermerkatuaren gainean bi nabe huts zeuden, nahitaez industria-jarduerekin osatu beharrekoak. Aitzitik, kristalezko erakusleiho zabalak muntatzen ari dira bertan. Belartza Canteran ezartzen den edozein jarduera, halabeharrez industriala izan beharko luke, eta ez erakusketa, ez ibilgailuen salmenta, ez dira industria-jarduerak. Jarduera-lizentzia hau gisa izapidetzeak ezkutatu nahi du hirugarren sektorekoak den bi auto-kontzesionarioen aktibitatea eta ezarri nahi du, arau-iruzurraren bidez, hirigintza ikuspegitik lurzati horretan lekurik ez duen merkataritza-jarduera. Nolanahi ere, industria-jardueratzat soilik har liteke tailer mekanikorako erabiltzen den azalera, inolaz ere ez erakusketa-salmenta.

Udal Gobernuak badaki hori, baina industria-jarduerarako lizentzia bat emateko justifikazio gisa erabiltzen ari da tailer mekaniko txiki horren aitzakia. Izan ere, lizentzia hori gabe, ezin izango lirateke lurzati horretan kokatu, eta erakusketa-salmenta jarduerak, jakina, komertzialak, tailer txikiaren industria-erabileraren lagungarri gisa hartzen ditu. Gainera, azpimarratu behar da tailer mekanikoak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak direla, otsailaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren arabera. Horregatik, larria bezain kezkagarria iruditzen zaigu elikagaiak saltzen dituen hipermerkatu baten gainean elementu arriskutsuak eta konposatu kutsatzaileak erabiltzen dituen jarduera bat ezartzeko baimena eman izana, arrisku potentziala baitakar. Haritzaldek bere garaian aurkeztutako alegazioetan hori salatu zuen, baina alferrik.

Hori guztia kasu isolatu txiki bat izan liteke, baina beste dimentsio bat hartzen du Belartza inguruko beste jarduera askotan ere arau-iruzurra dagoela jakitean, eta guzti-guztia Udalaren babespean. 

Horixe da Decathlonen kasua, Belartza 1 delakoan. Industria-lurzati batean ere kokatuta, baina irekitzeko salmenta-azaleri zegokion aparkaleku-kopurua behar zuena. Baina kirol-denda ospetsuak lurzatiaren hirugarren sektoreari zuzendutako azalera guztia agortu zuen, eta gainerako % 60an industria-erabilera garatu beharrean, aparkaleku handi bat egin zuten (hori gabe ezin izango zituen ateak ireki). Aparkaleku hori, ordea, ez da inola ere industria-erabilera: arau-iruzur garbia. Poligono berean, jarraibide hori errepikatzen da salmenta denda handiekin eta hirugarren sektoreko beste jarduera batzuekin. Hortaz, industrialde hori ez da betetzen ari hiri-plangintzan zehaztutako industria-xedea. 

Aurrekari horiek zentzu osoa ematen diote Haritzaldek Belartza Goikoa (Belartza 2) izeneko ingurune naturalean makropoligono industrial berri bat eraikitzeko Plan Partziala izapidetzen ari dela salatu izanari. Proiektuak, osoko bilkuraren gehiengoarekin behin betiko onarpenaren zain dagoela, frankizia aglomeratuak ditu, 8 solairuko hotel bat, jatetxeak eta, HAPOn jasota duen lurzoru industrial izaerarekin betetzeko ahalegin guztiak eta bi egiten saiatu dira. Plan Orokorra aldatuta merkataritza-gunearekin saiatu ziren, baina Merkataritza Gune Handien Legearekin topo egin zuten. Udal Gobernuak izapidetu eta onartu duen planeamendua mozorroa da eta itxuratzeko, poligonoak erabilera industrial nagusia betetzen duela eman dezan, logistikako nabeak aurreikusten dituzte. Horietan kokatuko litateke online salmentaren banatzaile erraldoi eta ezagun bat, zeinaren ezarpena gertuko beste udalerri batean deuseztatua izan den.

Kasu honetan, arau-iruzurra da biltegi industrial gisa hartzea pertsona fisikoei, partikularrei, txikizkako zuzeneko salmenta egiten duen biltegia: hau da, txikizkako salmenta da, eta, beraz, haren erabilera komertziala izango litzateke, ez industriala.

Horrek guztiak gogoetara garamatza: nori egiten dio mesede? Zergatik ahalbidetzen ditu Udal Gobernuak errealitate horiek? Belartza Canterako obretan jatorria duen legez kanpoko harrien makroisurketa burutu zuten sustatzaile berberen mesederako da ezbairik gabe. Eta ezin dugu ahaztu Udala Legearen aurkako lizentzia emateagatik zigortua izan dela. Zergatik laguntzen die orain Udal Gobernuak sustatzaile horiei makropoligono hori sortzen, gainera, natura- eta landa-ingurunea suntsituko duela jakinda, eta Eskusaitzeta, Gipuzkoako industrialderik handiena, hain gertu egonda? Zergatik babesten da arau-iruzur hori, Belartza Goikoan aurreikusita dauden eta Belartza Canteran gauzatzen ari diren merkataritzajarduerak industria-jarduerak bailiran hartuz? Kasualitate handiegiak, ezta?


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario