viernes, 24 de marzo de 2023

ARGI BERDEA BELARTZAKO PLAN PARTZIALARI

(HARITZALDE NATURZALEEN ELKARTEAK 2023KO URTARRLAK 31AN BIDALITAKO OHARRA)

BELARTZA GOIKOA, MAKROPOLIGONO BERRIARI ARGI BERDEA EMATEKO BIDEAN

Herritarrentzat oharkabean ari da pasatzen Belartza Goikoan merkatal erabilera izango duen makropoligonoa egiteko planeamenduaren izapidetza eta onarpen hurbila (Belartza Goikoa Añ13.1 sektorearen Plan Partziala). Ez dago ez publierreportai ez kolorezko argazkirik, ez goibururik, ez gaiaren gaineko berririk, ez eta ezein bozeramalek Udal Gobernuak korrika eta presaka onartu asmo duenari buruzko hitzik ere, udalbatzan egin nahi duena burutzeko gehiengoa duen legegintzaldia agurtu aurretik.

Belartza Goikoa gai labainkorra izan da, Udalarentzat gai deserosoa, beronen hirigintza egitasmo faraonikoak babestu eta eskandaluzko gaiak zein interes orokorraren marra gorriak zeharkatzen dituzten egitateak estaltzen dituzten komunikabideen babespean diharduelarik; udal hirigintzak gutxi batzuren interes pribatuen aurrean defendatu beharko lituzkeen marra gorri horiexek.

Lehengo lepotik burua, izan ere Plataforma, bizilagun eta talde ekologistek judizializatutako legez kanpoko udal ebazpenak tarteko izan baita gai labainkorra, 2016tik. EAEAN berak (291/2019) Udala zigortu zuen, salaketa larriak tarteko, herritarrok eskura ditugun ohiko bideetatik gelditu ahal izan ez genituen ingurumenerako ondorio larriko ez legezko baimenak emateagatik. Hirigintza jukutria honi ekintza burutu deritzo, behin ezkutuan kalte atzeraezina eginda, eta tarteko den administrazioaren laguntza edota ezikusiaz, salatu nahi duenak epaitegietara jotzea bestea aukerarik ez duelarik, gastu eta denbora xahutzeaz gain gehienetan kaltea ezin leheneratu daitekeelarik. Horrela, artifizialdutako guneari balio naturala erauzi ala murrizteko bidea egina geratzen da. 

Belartza Goikoako 4 hektarea hartzen dituen isuria bildu eta gunearen leheneratzea agindu zuen ebazpenetik ia lau urte bete dira, baina Udala eta sustatzaileek osatzen duten tandenak, anabasa burutu zuten horiek, berau bete gabe darraite eta gainera tokitzarra hartuko duen poligono berri baten proiektua onartzeko ari dira prestatzen (hasierako helburu zutena), epaitegien ebazpena ere bete gabe eta azalera handien legea saihesteko industria poligono mixto mozorrotuz. Legerik gabeko pistan interes orokorraren zaintzaren ardura duen Udal Gobernua legea urratu duten sustatzaileekin duen amaierarik gabeko dantzan, 83.000m2 hartuko dituen eta frankizia, multinazional, merkatal gune handi, jatetxe eta hotelak hartuko dituen egitasmoa dute helburu, izar gonbidatu gisa gune logistiko erraldoia izango dutelarik (arras ezaguna internet bidezko detail salmenta dagiena): Kolpe latz berria donostiako gertuko merkataritzarentzat, Garberako handitzearen eta San Bartolomeko merkatal eremu berrien onarpenek jada ahuldurik dagoena.

Oztopo, eragozpen edota baldintzarik gabe. Udal izapidetza eta negoziazioek bide ematen dute Udal, auzitegi eta legeen aginduei men egiten ez dietela erakutsi duten lege urratzaile-sustatzaileek makropoligono berri hau eraiki ahal izan dezaten. Behar al du makropoligono hau hiriak, donostiar guztion natur, landa eta bioaniztasun ondarea suntsitzearen truke? Ez al dago jada Belartzatik 4 kilometrora Gipuzkoako poligonorik handiena, Eskusaizeta, Zubietan, ia okupaziorik gabe bere  milioi metro koadrorekin? Nekane Arzallus hirigintza zinegotziak 2022ean Udalak (hiru urte luzez epaia betetzeko deus egin ez duenak) alde batera egingo zuela esan zuenean, enpresak isuria erretiratu behar zuela-eta, talde salatzaileek berria uzkur jaso genuen. Hasteko, sustatzaileen urraketa iraganagatik. Bigarrenik, jabeek berariaz utzitako isuria erabiltzeko asmo garbia azaltzen baitzuen Plan Partzialak, 2016ko txostenaren dokumentazioan ageri den bezala. Gorde gabe, zera zioen: “Behin behinekoz Añ13.1era eraman ziren Añ 13.2 Harrobia eremuan sortu ziren hondakinak behin betiko hartuko ditu eremuaren itxuraberritzeak”, hori guztia EAEAGren ebazpenaren aurka. Baina ez da deus gertatzen, Udal Gobernuak gogo onez egiten baitu dantza haiekin. Eta hirugarrenik, epeak luzatu eta epaitegien aurrean benetan ematen ez den epaiaren betetzea antzeztea zelako, era honetan Legearen betetze ezaren aurrean Udalak jaso zezakeen kargu-hartzea ekidinez. Hauteskundeen aurreko errealitate ezerosoa, Udalak eta sustatzaileek amaigabe elkarri bota diezaioketen pelota. Eskandalu osoa, herritar soilaren aurretik oharkabean igarotzen ari dena.

Abenduan txostenean gehitu beharko litzatekeen erauzte planaren kronograma eskatu genuen, baina ez da haren arrastorik. Deklarazioetatik hilabetea joan da. Hala ere, materialeen erauzte ezdeusa egin da, urtarrilaren 10etik 13ra, kamioi gutxi batzuen eskutik. Ordutik ez da beste ezer egin. 

Errealitate honek gure tesi eta susmo txarrenak baieztatzen ditu.

Anartean, Belartza Goikoa makropoligonoaren sustatzaileak, hots, lege urratzaileak, Udaletxean dabiltza gora eta behera, Hondarribiako alkate ohi baten eskutik. Dena etxerako eta ziztuan, hauteskundeek politika klientelarra ahalbidetzen duten gehiengoak aldatu eta Belartza Goikoa berriz ere Donostiako gerriko berdea gordetzeko landa eremu izan baino lehen, hau guztia Plan Orokorraren errebisio betean eta Plan Orokor berri baten taxutzearen atarian.  




No hay comentarios:

Publicar un comentario