HARITALDE NATURZALEEN ELKARTEAK BIDALITAKO OHARRA 2023KO MARTXOAREN 14EAN
AÑORGA BERDEAGOA, HORMIGOI GUTXIAGOREKIN
Añorga auzoa beti bizi izan da kontrajarritako bi aldagairen artean: Bizilagunetako askoren ogibide izan den eta den porlan fabrika eta bere nekazal eremu berdea, hau ere nortasun eragilea, hiriak duen nekazal eremu bakarrenetako baita.
Añorgaren alde berde hau porlanpean desagertze bidean da, Udal Gobernuaren politika urbanizatzaileak direla medio. Lur naturala gainbehera dator ziztuan eta horregatik aldarrikatuko dugu auzotik, martxoaren 19an, igandez, burutuko dugun zuhaitz landaketaren bitartez, eremu berde hauen babesa eta mahai gainean diren egitasmo urbanizatzaile berrietarako etena/birplanteamendua. (Deialdiaren xehetasunak, oharraren bukaeran).
“Infernua” gisa da ezaguna Añorgarako sarbidea Tolosa Hiribidetik, baina benetako infernua Añorgatarrok hamarkada luzez auzoa zeharkatzen zuen N-1aren kontura pairatu behar izan duguna da, bizitza kalitate eskas, kutsadura eta zarata tarteko. Bizilagunak atera behar izan ziren Udalak gaur amaitutzat ematen duen bulebarizazioa aldarrikatuz, nahiz emandako “bukaera” hori materiale zatar eta erremate eskasaz egin den. Tarteko dira oinezkoen bideak zedarritzeko hormigoizko “new jersey”-ak, saldu zituzten fotomuntaietatik urrun diren asfaltatu gabekoak. Atsekabea ekarri duen emaitza eskasa, hirian “auzoak eta auzoak” direla ondorioztatzera garamatzana.
Cementos Rezola fabrikaren jarduera intentsiboa izan da añorgatarrok pairatutako beste kutsadura iturri bat: Lurraldeko aire neurketetan datu kezkagarrienak eman ditu bertako estazioak, eta jakina da urte luzez labeek zabor eta hiri hondakinak legez kanpo erre zituztela.
Añorgako muinoak Donostiako landa eremu aipagarri ziren, Donostiako gerriko berdearen parte, bertan errekasto, korredore ekologiko, balio ekosistemiko handiko eta bioaniztasun oparoko guneak zirelarik. Odon Elorzaren gobernuak Atotxa Errekan luxuzko 300 etxe egiteko proiektua onartu zuen, biologikoki aberats ziren larre haiek suntsituz. Krisi ekonomikoak proiektu haren porrota, lur publikoaren enkante merke sorta eta gaur egungo kaos urbanistikoa ekarri zituen. Urteak joan arren ez da eraiki gabeko orube adabakiarekin amaitu. Beharbada gutxi batzuk aberasten dira, baina denok galdu dugu bioaniztasuna eta guztion artean ordaindu beharko ditugu bizilagun berriek aldarrikatuko dituzten zerbitzu berriak, muino natural arteko uharte urbanizatu horretan: Hormigoi gehiago Añorgarako.
Añorga Txikin 248 etxebizitza hartuko dituzten zortzi eta bederatzi mailatako bost eraikin berri egiteko plan berezia onartu da. Egitasmo honek hormioi gehiago isuriko du auzora, espazio, mugikortasun, dotazio zerbitzu premia eta aparkaleku gabezia duen baina planeamenduak berauentzako konponbiderik aurreikusten ez duen eremuan. Zerga oraintzaile-herritarren ongizatea zaindu ez, baizik eta sustatzaile oportunista batzuen patrikak betetzeko eginak diren politika urbanistikoen beste adibide bat: Hormigoi gehiago Añorgarentzat.
Halaber, añorgatarrei Belartza (1) industria poligonoa eraiki zieten: Kasualitatez ala ez, gehienbat merkatal poligono bilakatu dena. Urrutira gabe, bertan da industria jarduera hartu beharko lukeen baina kirol denda ta aparkalekua dituen orubea. Modus operandi berberaz bete dute hormigoiz Belartza harrobia (supermerkatua, Mc Donalds-a eta inauguratzeko diren bi auto erakustoki), arau iruzurra eginez eta merkatal jarduera garatuz, gutxienez %60ko industria jarduera beharko lukeen gunean. Hormigoi gehiago Añorgarentzat.
Ildo honetatik behin betiko nahi du Udal Gobernuak Belartza 2 berria onartu: Natur eremuko 200.000 metro karratu arpilatuz merkatal, ostalaritza erabilerak eta bide zein by pass erraldoiz hornituriko plataforma logistico erraldoia izango dituen makropoligono mixtoa. Hormigoi gehiago Añorgarentzat.
Poligono berri hau egiteko, Belartza Harrobi eta VUSA sustatzaile eta arau urratzaileek Mercadonatik eratorritako legez kanpoko materiale isuria egin zuten, 4 hektarea hartu zituena. Hau, guzti hau, buruan zuten poligonoa egiteko asmo makurrez.
Haritzalde Naturzaleek Elkarteak Donostiako Udala epaitegira eraman zuen hau guztia onartzeagatik, bai eta irabazi ere, EAEJEGk lizentzia ez legezkotzat jo baitzuen eta, hartara, baita isuria bera ere. Halaber, eremu naturala leheneratu behar zela ebatzi zuen. Lau urteren ondoren, eta epaitegiak galdegin badu ere, Udalak ez du subsidiarioki isuria eratorri eta sustatzaileek erator ez dezaten onartzen du, hitzemate huts soil bihurtuz bere eskuhartzea. Añorgara milaka metro kubiko hormigoi ekarriko dituen egitasmoaren sustatzaileak dira arau urratzaile hauek, eta hauekin ari da planeamendu berria adosten Udal Gobernua. Anartean, 4 kilometro eskasera, Zubietan, Gipuzkoako industria poligono handiena dugu, oso erabilera ekasarekin.
Gero etorri zen Errekaldeko Teresategirako Ekintza Urbanizatzaile Planaren iragarpena: Donostia eta Lasarteren arteko egitasmoa, merkatar erabilerarako eremu berria prestatuz, geratzen den landa eremua suntsituz, añorgatarrok jada pairatzen dugun trafiko eta bideen ugaritzea lekarkeena.
Udalak klima larrialdi aldarrikapenak eta akordio berdeak sinatzen ditu, baina sustengarritasun, bioaniztasun eta herritarren natur ondarea defendatzeko aukera duen lekuetan, Añorgan kasu, bere hormigoiaren aldeko politika gupidagabea garatzen du. Honengatik guztiagatik, Haritzalde Naturzaleek Elkarteak AÑORGA BERDEAGO, HORMIGOI GUTXIAGO lelopeko zuhaitz landaketara deitzen ditu bizilagunak, auzoan burutu nahi diren egitasmoetan fokua jarri eta landareriarik gabeko eremua zuhaitzez hornitzeko. Herri landaketa Añorga Txikin burutuko da, martxoaren 19an, igandez eta 10:30etan, auzoko muturraren eta bidegorriaren arteko eremuan, Antiguorako norabidean. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak bertako zuhaitzen landaketarako materialea ekarriko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario