NATURKON: GIPUZKOAKO TALDE NATURZALEAK
ALKATEA OKER DAGO: HAUXE DUZUE BELARTZA 2 EREMUAREN INGURUKO EGIA.
Joan den maiatzaren 24an, NATURKONetik (Naturaren Kontserbazioa), Gipuzkoako talde naturzale eta ekologista guztiok osaturik, Belartza-2ko eremurako babesa eta Unanue Landa Parkean sartzea eskatu genuen. Bertan planeamenduak aurreikusten duen industrialdearen aurka agertzen ginen Manifestuan. Behin eta berriz salatu dugu Udalaren pasotismo eta zabarkeria, salaketa anitzen aurrean herritarroi muzin eginez.
Aste luze ugaritan BelartzaHarrobiko lanak (Mercadona) ilegalak zirela jakinda lanean uzteaz gainera erraztasunak eskaini dizkiete. Alkateak, Eneko Goia, “Plan Partziala eta Plan Orokorra behin onartuta, eztabaida 2010ean itxi zela” berehala esan du. “ Jabeak Urbanizazio Plana aurkeztu zuela eta hura onartu zela, eta ondorioz baimena eskatuta edozein unetan obrak has litezkeela” gaineratu zuen. Eta bukatu zuen Plan Orokorra aldatzeko gure proposamena ez dela bideragarria adieraziz. Bere esanetan korapilatsua izateaz gain, hiriko eremua izatetik berriro landa eremura pasatuz gero, Udalak dirutza ordaindu beharko lieke jabeei.
Aitzitik, Alkate Jauna oker dago, zeharo, Enrique Ramos zinegotzia zegoen bezala (hala aitortu zuen). Behar bada aholku okerrak jasota, eta zergatik? Bada...:
1. Betelana EZ ZEN LEGALA, ez zuen baimenik (aitortu behar izan zuten), baina gerora Udalak emandakoa ere EZ da legala Lurzoruaren Legea urratzen baitu (hala salatu dugu). Belartza 2 ez dago legalki abian, eta beraz, ezin da bertan lanik bertan baimendu oraindik. Gainera, luzaturiko baimena eskasa da, baldintzarik gabekoa eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideak ere ez ditu jasotzen.
2. Belartza 2 Urbanizazio Proiektua EZ zen onartu, ezta aurretiko Birpartzelazio Proiektua ere. Beraz, Alkateak dioena EZ da egia. Obra-Baimena eskuratu aurretik hainbat urrats eman beharrean daude..
3. Europako Batasuneko Zuzentaraua egonik eta horrela aginduta egon arren, Belartza 2ko Plan Partzialaren inguruan ez zen Ingurumen gaineko Eraginen Ebaluaketarik egin. Beraz eta ondorioz zonaldeko ingurumen balorazio seriorik ez da egin.
4. Plan Orokorra Ingurumen Ebaluazioa izanak proeiktua ere hartzen duen adierazpenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak xedatutako Ingurumen Iraunkortasun Txostenak Belartzako basoak bereziko balioa dutela eta etorkizuneko hirigarapenean barneratu beharko liratekeela diola gogora arazi nahi dugu.
5. Eta lurzorua birkalifikatuz gero Udalak kalteordainetan gastatu beharko ote lukeen dirutzari dagokionez, ez da egia, Lurzoruaren Legeak onartutako planak 4 urteren buruan gauzatu behar direla baitio, gerora urbanizazio-eskubidea galtzen delarik. Beraz, 2009tik ona 4 urte baino dezente gehiago igaro direnez, jabeek eta sustatzaileek eskubideak galduak dituzte.
6. Plan Orokorra aldatu eta moldatu daiteke. Posible da San Bartolome eta garberan egin den legez.
7. Eta gutxi balitz, harrobiko obra bera (Mercadonakoa), antza, ilegala da!!
Alkateak interesatuak ginela leporatu zigun. Egia da, bagara. Gure Ondare Naturalaren Kontserbazioan eta duen Biodibertsitatean interesa dugu, baina baita Legeak betetzea interesatzen zaigu, herritarrei errespetoa zor zaiela uste dugu eta beti egiaren alde gaude. Udalak legeak betetzen direla bermatu beharko luke, ingurune naturala kontserbatzen eta babesten ahalegindu beharko litzateke eta herri interesa defendatu beharko luke. Azkenik, gadentasuna eta zuzentasuna agertu beharko luke. Plan orokorra aldatu daiteke, Belartza birkalifika eta Unanue Landa Parkean barnera liteke babesa emanez. Eskatzen dugun guztia hori da, besterik ez.
NATURKON (Gipuzkoako talde naturzale eta ekologistak) : EGUZKI - HARITZALDE NATURZALEEN ELKARTEA - EKOLOGISTAK MARTXAN - ITSAS ENARA OE - UGATZA OE- ARKAMURKA NT – HERRIO NT – MUTRIKUKO NT – LANDARLAN NT - ZUMAIAKO NT – ONDARROA 12 MILIA - ERKAXO NT – KATAMARRUA NT - SEO BIRDLIFE
No hay comentarios:
Publicar un comentario