martes, 22 de septiembre de 2020

DONOSTIA, LEGERIK GABEKO HIRIA

HARITZALDE Naturzalen Elkarteak prentsa ohar hau bidali du gaur:


BELARTZA GOIKO PLANEAMENDU BERRIA. DONOSTIA, LEGERIK GABEKO HIRIA? NORK GOBERNATZEN GAITU?


 Orain dela gutxi Belartza Goikorako garapen urbanistiko berri bati tramitazioari hasiera eman zaiola argitara eman da, non Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ilegala zela ebatzi duen harri isuketa erabiliz, 25.000 m2 zoru komertzialaren eta harik eta zoru industrial gehiagoren sorpena proposatzen den. 

HARITZALDE Naturzaleen Elkarteak, añorgako bizilagunak eta NATURKONEN izenpean biltzen diren elkarte naturzale, kontserbazionista eta ekologistek (Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan), planeamendu hori aurrera eramatekotan Donostia “legerik gabeko hiria” bilakatuko litzatekeela salatzen dute. 

2019ko ekainaren 10ean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 219/2019 epaia ebatzi zuen, Donostiako Udala kondenatuz, Belartza Goikoan Legez kontrako harri-isurketa burutzeko baimena luzatzeagatik. 2016an, Mercadona eraikitzeko indusketaturiko partzelan jatorria zuten 120.000m3-ko harri-betelana gauzatu zuten Udalaren lizentzia ilegala tarteko eta Auzitegi Nagusiak ingurune natural hura lehengoratzeko eta obra aurretik zegoen egoerara itzularazteko agindu zuen.

 Urtebete luze beranduago, UDALAK NAHITAEZ BETEBEHARREKO EPAI HORI EZ DU GAUZATU eta HARITZALDEK berriro ere demanda bat sartu behar izan du bidegabekeria zuzentzeko, epaiaren betearazpena eskatuz. 

Proiektuaren sustatzaileek bilera publiko batean adierazi zioten garai hartan hirigintzako zinegotzia zen Enrique Ramos berari, ez zutela isurketa ilegala lekutik aterako. Hala eta guztiz ere Udalak beraiekin negoziaketan jarraitu du egunerarte ezer ez gertatuko bailitzan.

 Kondenatuta izan den Udalak makroisurketa ilegalaren betearazpen subsidiarioa hasi beharrean, etengabean arau-hausle izan direnekin proposamen urbanistiko berria negoziatzeko biltzen egon izanaren susmoa hartu dakioke. Hau da, behintzat, ondorioztatu litekeena orain hirigintzako zinegotzia den Nekane Arzallus bere kargua hartu zuenetik esandakoak entzunda: “ez lukeela zentzurik izango isurketako harriak kentzea lekuan bertan erabiltzekoak balira”. Planeamenduak eta Legeak, ostera, ez du harri horiek erabiltzerik uzten, eta horregatik Auzitegi Nagusiak ebatzitakoa: Udalak han ezin zuen isurketa-baimenik luzatu. Epaiak agerian utzi du egintzaren ilegalitatea eta hura bete ordez harriak ateraz eta lursaila lehengoratuz, zinegotziaren adierazpenek kutsu susmagarria hartzen dute oso. Legea bete behar da eta isuritako materialak baimendutako zabortegira eraman behar dira, ez dago besterik.

 Bestalde, berriki, hiriko markesinak Donostiako Udalak ordaindutako saltoki txikietan kontsumoa bultzatzeko kanpaina ikusi dugu; plataforma bat ere eratu du eta diru-laguntza zuzenak eskaini dira.


Udal ordezkariak ahobete ibili dira lekuko saltokiekin konpromezu hitzetan. Bitartean, ordea, bizkarretik pelotazo urbanistikoak negoziatzen dira, hiriaren kanpoaldean merkataritza-parke tankerakoak frankizia eta multinazionalez bete nahian.

 Zer bultzatuko luke Udala halako inkoherentzia negoziatzera, Belartzan Mercadona eraikitzen hasi zirenetik hirigintza arautegia sistemakikoki hausten ibili den empresa batekin? Proiektu honek epe motzean utziko lukeen diru-poltsa akaso? Miopearen begirada baino ez dirudi. Izan ere, Udalak saltoki txikiak babesten duelako koherentzia eta sinesgarritasun guztia galduko luke bidean. Egitasmoa hau Garberakoa handitzearekin batera honezkero bortizki kolpetuta eta krisian dagoen sektorea guztiz kaltetuko bailuke.

 Horrelako proiektuak aurrera eramateko sustatzaileek erabiltzen duten estrategia (Euskadiko Zoru Komertzialen Lege berriak garapen urbanistiko hauek hiri kanpoan ezartzea galerazten duenetik) zoru industrial gisara tramitatzea da, honek eraikitakoaren 30% komertzial erabilpena eman dakiokela jakitun. Ingenerutza legal horien bitartez Legeen zirrikituz eta hutsunez baliatzen dira Araua bihurtzeko eta okertzeko iruzurreraino. Adibideak badaude hirian, azkena Belartzan bertan, Harrobian (Cantera delakoan), non partzela industriala garatzeko eskariaz, Mercadona eta Mc Auto eraiki ziren, egun inongo erabilpen industrialik garatu ez delarik. Iruzurra! 

Errealitate bakarra da industrial zoru berrien garapena gauzatzeko beharrik eta eskaerarik ez dagoela. Horren lekukoa da Eskusaitzetako makropoligono publikoa. Industria-jarduera berriak erakartzeko gai ez da izan ia 30 Ha baso eta naturgune txikitu ostean. 

Sustatzaileek horrelako planeamenduak multinazional komertzailen dirua aurrez mahai gainean jarrita garatzen dituzte, eta behin lekua urbanizatua, industria-enpresaren baten balizko ezarpenaren zain geratzen dira. Hori gertatuko ez balitz ere haiei bost, errentagarritasuna ziurtatuta baitute aurretik saldutako zoru terziarioaren bitartez. Hirian badira industrialak izanda jarduera industrialik ez duten hainbat partzela horrela garatu direnak. Hirigintza, ordea, ezin da nahieran izan eta biztanleriaren beharrei erantzuna eman behar die. Gure ondare naturalaren kontserbazioa ezin du diru-gose diren interes ekonomiko partikularren mesedetan egon eta administrazioak horren bermatzaile izan behar du. Hirigintza interes pribatuei mesede egiten badie interes orokorra babestu beharrean, Udalak enpresa arau-hausleekin negoziatzen badu eta horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Belartzarako ebatzitako bezalako epaiak ez badira betetzen, Donostia legerik gabeko hiria bihurtuko da. 

Donostian, 2020ko irailaren 21ean



Aurkeztutako proiektu berria (2020 iraila)

No hay comentarios:

Publicar un comentario