martes, 17 de diciembre de 2019

Belartza II-ri buruzko epaia ez betetzea salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak

(EH Bilduu eta Elkarrekin Donostiak bidalitako prentsa oharra.2019/12/17)


Udal Gobernuak Belartza II-ri buruzko epaia ez betetzea ahalbidetzen jarraitzen duela salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak 


Belartzako eremuan aurreikusi diren egitasmoen eta egindako lanen inguruan polemika handiak egon dira azken urteotan. Bertan egin nahi duten merkataritza gune handi berriaren aurrean oso kritikoak agertu dira, besteak beste, Donostiako dendariak, añorgatarrak eta mugimendu ekologista.

 Pasa den uztailean, Belartza II eremuan udal gobernuak emandako baimen bat legez kontrakoa zela adierazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Zehazki, Belartza II eremuan hainbat tona harri botatzeko Eneko Goiaren udal gobernuak emandako baimen bat legez kanpokoa izan zela adierazi du auzitegiak. Gogoratuko denez, epaitegiek harriak kentzeko eta harriak bota baino lehen eremua zegoen egoera berrezartzeko eskatu zioten Donostiako udalari, bertan zeuden zuhaitzak, landareak eta abar berrezartzea ahalbidetzeko.

Epaiaren aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak Udal Gobernuari azalpenak eskatu zizkioten, alde batetik, sententziaren aurrean ze jarrera hartuko zuten jakiteko eta, bestetik, egindako kudeaketa txarragatik ea autokritika egiten zutela egiaztatzeko.

Jakina, PNV-PSEren gobernuak ez zuen berak egindako kudeaketa txarra onartu, eta harriak kendu arte, enpresari isunak jartzen jarraituko zuela esatera mugatu zen. Orduan, legearen arabera ezarri daitezkeen 10 isunetatik 6 ezarrita zeuzkaten. Era berean, Udal gobernuak adierazi zuen enpresak bere eginbeharra betetzen ez bazuen, udalak berak subsidiarioki harriak mugitu beharko zituela.

Denbora pasa da, eta epaiaren exekuziorako epea datorren astelehenean, abenduaren 23an, amaituko da. Zer egin du Eneko Goiaren gobernuak uztailetik hona? Denbora pasatzen utzi, besterik ez.  Epaia irmoa izan arren,eremua ez da lehen zegoen egoerara itzuli eta, beraz, epailearen agindua ez da bete. Eta horrek hainbat kalte-ordainak ekar ditzake Udalarentzat, hau da, Eneko Goiaren taldeak erakutsitako utzikeriagatik Donostiako herritar guztiek ordaindu beharko ditugu.

Belartza II.aren inguruan gertatu den eta gertatzen ari den guztiak agerian utzi du, beste behin, EAJ-PSEren Udal Gobernuak ze jarrera ulerkorra hartzen duen gutxi batzuen beharren aurrean.


                                             Belartza Gaineko isurketa ilegalaren irudia

          EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek emandako prentsaurrekoa (2019/12/17)

No hay comentarios:

Publicar un comentario